Dena ez baita Netflix eta Canal (nahiz eta orain lehenaren kasuan eduki batzuk euskaraz ikusten ahal diren), gaur primeran.eus webgunean eskuragarri diren hiru film interesgarri aipatu nahi dizkizuegu.
Etxean usaia duzue gauetan edo asteburuetan filmak eta telesailak begiratzeko? Eta horietatik zenbat ikusten dituzue euskaraz? Euskal zinemako azken aleak ikusi dituzu? Hemen atzemanen dituzu hiru gomendio, etxean urririk ikusten ahalko dituzunak eta ondotik, lagunekin komentatu!
Lorem ipsum dolor sit amet, consectetur adipiscing elit. Ut elit tellus, luctus nec ullamcorper mattis, pulvinar dapibus leo.
1. Euskarazko film ikusiena: Irati (2022)

Paul Urkijo zinegile arabarraren azken film honek jakinmin handia piztu zuen iragarri zutelarik. Euskaraz egin den ekoizpenik handiena da 2022ko fantasiazko film hau. Ikusle anitzek poz handiz hartu zuten filma, euskaraz ez baitira film anitz egin genero horretan.
Game of Thrones giroa maite baduzu, Irati zuretzat egina da, eta ez baduzu genero hori maite ere, pariatzen dugu film hau maitatuko duzula…
Euskal Herriko paisaia misteriotsuak, Erdi Aroko gertakariak eta mitologia nahasten ditu Eneko Sagardoy eta Edurne Azkarate talentu handiko aktoreak protagonista dituen filmak. Istorioa VIII. mendean gertatzen da kristautasuna hedatzen ari delarik Europan, eta sinesmen paganoak desagertzen. Karlomagnoren armada Pirinioak zeharkatzera doala, ibarreko jaunak laguntza eskatuko dio antzinako jainkosa bati. Laguntzaren truke, bere bizitza eman beharko du eta Enekori emanen dio segida hartzeko ardura. Urte batzuk berantago, aitaren gorpua desagertu da Karlomagnoren altxorrarekin batera. Enekok berreskuratu beharko du, ibarreko emazte pagano baten laguntzarekin: Iratiren laguntzarekin. Bi gazteak oihan bitxi eta ilun batean murgilduko dira: bertan, diotenez, “izena duen guztia bada”.
2. Uda bat neska trans baten bizitzan: 20.000 erle espezie (2023)

Estibaliz Urrezola Solaguren film-egile arabarren lehen film luzea da. Sari andana irabazi ditu, bai filmak, eta baita 11 urteko Sofia Otero aktore bizkaitarrak ere (Berlinale zinema festibalean aktore onenaren saria eskuratu zuen).
Film honetako protagonistetako batek, Cocók, zortzi urte ditu, ez dator bat gainontzekoek berarengandik espero dutenarekin, eta ez du ulertzen zergatik. Inguruko guztiek beti Aitor deitzen dioten arren, berak ez du bere burua izen horrekin identifikatzen. Anek, bere amak, oporrak aprobetxatuko ditu bere hiru seme-alabekin amaren etxera joateko. Bertan bere ama Lita eta izeko Lourdes erlezaina bizi dira. Uda honek bizitza aldatuko die hiru belaunaldi ezberdinetako emakume hauei, beren zalantza eta beldurrei aurre egitera behartuz.
3. Helduentzako animazioa Fermin Muguruzaren musikarekin: Black is beltza Ainhoa (2022)

2018ko Black is beltza filmaren bigarren zatia da, baina ez da beharrezkoa lehena ikustea
bigarrenean murgiltzeko. Fermin Muguruzaren eskutik heldu zaigu filma eta gerra hotzaren
garaira garamatza Euskal Herritik munduko Libano, Afganistan eta Frantziara.
Probokazioa, historia, musika eta engaiamendua dira Black is beltza: Ainhoa filmaren ezaugarriak.
Ainhoa mirariz jaio zen La Pazen Amanda ama atentatu parapolizial batean eraila izan ondoren. Kuban hazi eta 1988an, 21 urterekin, Euskal Herrira abiatuko da Manex aitaren lurraldea ezagutzera. Gatazka errepresibo betean, Josune kazetari konprometitua eta bere lagun koadrila ezagutuko ditu. Horietako bat heroina gaindosi baten ondorioz hiltzen denean, Ainhoa eta Josune iniziazio-bidaian murgilduko dira Libano, Afganistan eta Marseilla hiritik barrena. Gerra Hotzaren azken urteak dira eta biak ala biak narkotrafikoko sareek trama politikoekin elkartzen diren mundu ilunean barneratuko dira.