“Bah ! De toute façon le basque ça sert à rien !”
Denok behin entzun dugu horrelako esaldi bat.
Erantzun zentzudunena hizkuntza baten “balioa” zer den zalantzan jartzea litzateke. Nork nehurtzen du hizkuntzen balioa eta zertarako? Hizkuntzen balioa hizkuntza baten inposatzeko aitzakia da eta gehienetan boterean den gobernuak du hizkuntzen balioa markatuko. Hizkuntza bat epaitzearen beharraz gogoetatzen hasten gara eta…
Baina batzuetan filosofatzeko flema dugu eta horra hemen euskarak ezertarako balio ez duela erraiten digunari erantzun diezakegun argudio batzuk:
1. Euskara hizkuntza bizia da: Nahiz eta galtzeko arriskuan izan, euskara ez da hildako hizkuntza. 750.000 pertsona baino gehiagok hitz egiten dute (Marseillan bezainbat biztanle), eta ahaleginak egiten ari gira bizirik mantentzeko eta garatzeko. Hiztun hauei bederen beraz, balio praktiko, sentimental eta kulturala badu.
“Marseillako hiri osoari hitz egiten duen hizkuntzak baliorik ez duela errango zenuke?”
2. Euskara hizkuntza bitxia da (bi zentzuetan): Euskara hizkuntza isolatua da, hau da, ez du ezagutzen den beste hizkuntzarekin loturarik. Bitxikeria horrek hizkuntzalaritza ikerketarako gai interesgarri bihurtzen du, eta hizkuntza aniztasunaren paisaiean altxor bat. Europako hizkuntzen oihan horretan, desberdintasunak du justuki, hizkuntzaren balioa bermatzen.
“Pinu eta haritzen artean, lore bakarraz naiz ni maitemintzen!”
3. Euskarak balio kulturala du: Hizkuntza bat galtzea komunitate bat galtzea da. Euskararen erabilera sustatzea ez da bakarrik eguneroko praktikaren kontua, baina baita gure ondarearen biziraupenerakoa ere. Euskara jakiteak euskal komunitatean kultura ulermen sakonagoa izateko eta integratzeko ateak irekitzen dizkigu. Euskara euskal nortasunaren eta kulturaren osagai garrantzitsu bat da. eta gure ondarea biziarazteko, hizkuntza funtsezkoa da. Hizkuntzak baliorik ez duela erratean, hiztunak baliorik ez duela erratea bezala da. Eta hori, inoiz ez genuke onartuko.
“Vendetak erraiten zuen bezala : “Begitara begira, lekuz kanpo gaudela esaiguzuuuu!”
4. Euskara eskubide bat da: Pertsona orok du bere hizkuntza erabiltzeko eskubidea, eta gurea ez da salbuespena. Hizkuntza aniztasunarekiko errespetua sustatzea funtsezkoa da mundu globalizatu batean. Gehienetan, hizkuntza baten balioa epaitzen duten pertsonek, hizkuntza gutxiagotuekiko mespretsu inkontzientea dute. Hizkuntza bakoitzak mundua beste ikuspegi batetik ikusteko aukera ematen baitu, mundua pentsatzeko eta ulertzeko modu berriak irekitzen ditu.
“Euskara mundura zabaltzen den leiho bat da”
5. Euskarak balio ekonomikoa du: Olerkigintzak ez bazaitu berotzen, pertsona pragmatikoa bazara, ez ahantz gau eskoletan euskara ikasten ari diren hainbat ikaslek euskara lan baten aurkitzeko ikasten dutela.
Artikulu honek armatu zaituela espero dugu. Atxik gogoan, hizkuntza bati buruzko norbaiten iritzia aldatzea zaila izaten ahal dela. Hurbilketa onena pazientziaz, errespetuz eta umore pixkatekin informatzailea izatea da.
Ez ahantz minoritate baten parte izaiteak munduarekiko begirada kritiko bat ematen dizula : “normala” denaz at ikusteko gaitasuna. Beti norman sartua den batentzat ulergaitza izaten ahal den kontzeptua.